Elektrizitate-merkaturatzailea

Izabak Euskal Herriko lehen udaleko elektrizitate-merkaturatzailea sortu du

Izabak eredu-energetiko berezia du. Pirinioek eskaintzen dizkiguten baliabide naturalak dira haren jatorria, eta Pirinioei bultzada bat emateko erabili nahi dugu orain. Izabako Udala produkzio elektrikoaren eta banaketaren jabea da, eta, orain, komertzializazioa ere udalarena da.

Gure zentral hidroelektrikoa 60ko hamarkadan hasi zen funtzionatzen eta energia berdea, elektrizitatea kasu honetan, sortzen du. Belagua eta Belabarze ibaien urak erabiltzen ditu. Antzeko azpiegiturak beste leku batzuetan ere badaude, baina gutxik dute kudeaketa Udalaren eskuetan (Izaban bezala).

Banatzaile elektrikoa ere udalarena da. Banatzailearena elektrizitatearen prozesuko parterik ezezagunena da. Laburbilduz, Izaban ditugun zutoin eta kable elektriko guztiak udalarenak dira. Nafarroan, beste bi herri baino ez dira euren banatzailearen jabe. Gehienak enpresa handien eskuetan daude.

Eta, hirugarrenik, udaleko elektrizitate-merkaturatzaile bat sortu dugu Izaban. Energía Río Ezka – Ezka Ibaia Energia S.L. deitzen da eta Euskal Herriko lehen udaleko elektrizitate-merkaturatzailea da. Izabarako baliabide berri gisa jaio da, baina ez da Izabako herritarrentzako soilik; argiaren ordainagiria ordaintzen duen estatuko edonor izan daiteke merkaturatzaile honen bezero.

Hasteko, Energía Río Ezka – Ezka Ibaia Energia enpresan lanpostu finko bat sortu dugu, kalitatezkoa eta luzerakoa, eta hori oso garrantzitsua da Erronkaribarrean. Hortik aurrera, enpresa publiko berriak izan ditzakeen etekinak Izaban eta Pirinioetako beste toki batzuetan inbertituko dira. Hala, etekinak Pirinioetan berrinbertituko ditugu, Pirinioen beraien baliabide naturalen kudeaketaren bidez, eta helburua etekin horiek bertako herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak sustatzeko erabiltzea da.

Energiari lotutako proiektu honekin, “Pirinioetan lan eta bizi” goiburuaren alde egin nahi dugu, nolabait. Baina, proiektu honetan lanean hasi ginenetik, Izabako Udalean ikusi dugu zein garrantzitsua den energia-kontsumo iraunkor baten alde egitea. Gizarteak erronka asko ditu etorkizunari begira, baina energiaren kontsumo arduratsua garrantzitsuenetako bat da agian. Izaba herri turistikoa da, eta kontsumo jasangarri horren inguruan kontzientziatzeko lan egiteko ardura hartu du. Elektrizitate-merkaturatzailearena lehenengo pausua besterik ez da. Etorkizunean, gure energia-eredu berria zabalduko dugu, baina, aldi berean, autokontsumoaren ideia aztertuko dugu eta energia berriztagarrien erabileraren alde egingo dugu.

Etorkizunak merezi du, Pirinioak merezi du.

X