Izabako udal zinema mendiari eskainitako film eta laburmetraiez beteko da berriro datorren abenduaren 5, 6 eta 7an. Ukerdi Film Festival jaialdia bere ohiko formatura itzuliko da, era guztietako gaiak jorratzen dituzten baina betiere mendiaren eta naturaren ingurukoak diren lanak proiektatuz.

Aurten, Izabako Udala antolakuntzara batu da, Pirinioetan lehen mailako kultur jarduerak antolatzea posible dela erakusten duen jaialdi hau bultzatzen jarraitzeko asmoz. Helburua komunitate-gune bat sortzea da leku paregabe batean, Izabako zineman hain zuzen ere, Pirinioetan geratzen diren landa-zinema gutxietako bat baita.

Filmak jasotzeko epea amaitu da dagoeneko, eta antolatzaileak Ukerdi Film Festival jaialdiaren 2026ko edizioan parte hartuko duten lanak hautatzeko lanean ari dira orain. Hasierako asmoa da, filmak proiektatzeaz gain, zuzendarietakoren bat bertan egon ahal izatea ikusleen galderei erantzuteko.

Parte hartzen duten filmen artean diruz hornitutako bost sari banatuko dira. Sari hauek izango dira: film onena, gidoi onena, laburmetrai onena, argazkilaritza onena eta Pirinioetako film onena.

Aurten, berrikuntza nagusi gisa eta inor kanpoan ez geratzeko, hiru egunetan saio bikoitza egongo da. Lehenengoa 17:30etik 19:30era izango da, eta bigarrena 20:00etatik 22:00etara. Horrela, Izabako zinemak dituen 132 eserlekuek lekua egingo diete hurbiltzen diren zinemazale guztiei. Sarrerak txarteldegian bakarrik erosi ahal izango dira, saio bakoitza hasi baino minutu batzuk lehenago.